Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, osasun publikoko arazo bihurtu da bakardadea, eta “XXI. mendeko epidemia”tzat jotzen da.

BBK agiria

Jendearekin konektatzea gero eta errazagoa denean, baina gero eta bakardade handiagoa dugunean, zerbait gertatzen da. Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, gura bako bakardadea XXI. MENDEKO EPIDEMIA bihurtu da eta Espainiako estatuan ia 2 milioi lagunek, Euskadin 106.000ak, bakardadean bizi, jan eta amets egiten dute.

Arazo honek gero eta jende gehiagori eragiten dio, baina kontuan hartu bako errealitatea da. Okerrena iristen denean, inor ohartu barik jendea hiltzen denean, orduan bakarrik sumatzen dugu arazoa. Baina errealitate honen alderik beldurgarrien eta ikusgaitzena ez da hori, baizik eta ondorioak beranduegi denean baino ez ditugula ikusten, konponbiderik ez dagoenean.

Proiektu honekin horren aurretik gertatzen den guztia, normalean ikusten ez dena, egin gura dugu ikusgai. Bakardadearen alderik okerrena ez da amaiera, baizik eta hori iritsi arteko guztia.

Bakardade Ikusezina.

“Ezin berba egin, ezin irribarre egin, ezin ukitu. Dagoen gauzarik beldurgarriena da bakardadea.”
Mercedes, bakardadean bizi den emakumea.

Proiektua

Proiektuari buruzko informazioa

“Bakardadean hildako azken pertsona” jende askoren bizitzaren erakusgarria da. Eskultura hiperrealista hau Mercedes da, urtetan errealitate hau pairatzen duen emakume bilbotarra, pertsona askok bakardadean pairatzen duten itxaron beharraren ordezkaria.

Arazo hau ikusgai egiteko, eskultura mundu guztiak ikusteko moduan eta Bilbon jende gehien ibiltzen den lekuetako batean (Areatzako pasealekuan) jarri zen. Bi egun igaro ostean, eta herritarren arreta eskulturan jarrita zegoela, azaldu genuen Mercedes, eskultura inspiratu zuen pertsona, benetakoa dela eta bizirik dagoela, horrela erakutsiz bakardadearen okerrena ez dela heriotza, baizik eta bitarteko bidea.

Gura bako bakardadea

Froga sendoak daude esateko bakardadeak areagotu egiten duela hilkortasun-arriskua, eta bere tamainak gainditu egiten ditu ohiko osasun-adierazle nagusietako asko. Washington Espainiako Institute for Health Metrics and Evaluation-ek (IHME) 2018an egindako azterlan batek ziurtatzen zuen, egungo joerari eutsiz gero, gure herrialdea izango dela munduko zahartuena 2050erako, Japonia bera baino ere gehiago. Beraz, arazo hau izango da aurre egin beharreko erronka nagusietako bat.

Arazo honen ondorioak maila fisiologiko, emozional eta sozialean ematen dira. Ondorio gisa, etsaitasun, arrangura, depresio, tristezia eta antsietate arazoak izaten dira; are gehiago, suizidio-asmoak gehitzen dira eta heriotza goiztiarrerako arriskua ere bai.

Mercedes-i buruzko argibideak

Mercedes emakume bilbotar bat da, 88 urtekoa, gura bako bakardade-egoeran urteak daramatzana, bere konpainia bakarra astero bisita egiten dion boluntario bat izanik.

Bere alaitasunak eta bizitzeko gogoak inspiratu zuten gure proiektua eta horregatik hautatu genuen gura bako bakardadea pairatzen duen gizatalde handi honen ordezkari izateko.

Eskultoreari buruzko argibideak

Ruben Orozco Loza eskultore mexikar hiperrealista da, mundu osoan ezaguna. Erretxina, silikona, zura, giza ilea… erabiltzen ditu bere lanak egiteko, eta Guadalajara hirian duen lantegi xumean dihardu beharrean.

Rubenek betikotzen duen pertsona bakoitzaren 500 argazki inguru aztertzen ditu, ez bakarrik xehetasunik txikiena jasotzeko, baita bakoitzaren espiritua eta nortasuna adierazteko gai izateko ere. Bere lanen artean nabarmentzekoak dira Frantzisko aita saindua, Frida Kahlo, Grace Kelly edo David Bowie.

"Jaiki, gosaldu, ohea egin eta zain geratzen naiz biharamunera arte.” Mercedes, bakardadean bizi den emakumea.

Beste proiektuak

Descarga x